Agenda

Egun honetako ekintzak


Izenburua: Zestoa: DEBEKATUTA DAGO OROITZEA dokumentala
Data:2012/04/19
Azalpena:

Zuzendariak: Txaber Larreategi, Josu Martinez.

Ondo eginiko dokumentalei nekez gailenduko zaie fikzioa: errealitateak erakusten digu irudimena baino boteretsuagoa dela askotan. Gerra Zibilean eta frankismoan Saturrarango kartzelan izan ziren emakumeek bizitakoa horietako kasu bat da: historia gogorra da, garratza, min ematen duen horietakoa, baina dramatismorik gabe kontatu du Debekatuta dago oroitzea dokumentalak, negarrik eta imintzio handirik gabe. Eta horrek are boteretsuago bilakatzen du dokumentua.

Preso egon ziren emakumeei eman diete ahotsa zuzendariek, eta protagonisten kemena da hain zuzen pelikulari indarra ematen diona. Natural azaltzen dituzte kartzelan igarotako urteak, umorearekin zenbaitetan, patxadaz, denbora hartuz. Hainbeste urteren ostean, ulertuko zuten akaso gorrotoak eta saminak kalte baino ez diela egingo, eta pairatutako ankerkeriak ezagutaraztea izan daitekeela moja kartzelari frankisten aurkako mendeku onena, jendeak hura guztia ahantzi ez dezan. Pasadizo latzak dituzte hizpide: hildako alaba, gosea, esplotazioa, zikinkeria, gaixotasunak. Baina egunero lagunen bat lurrera ziplo erori eta hilda zegoela jakitea, edo laurogeitaka urterekin berriz dilistak ezin jatea (kartzela garaiko harrez beteriko dilista nazkagarriak ezin dituelako ahaztu), horrelako detaileek osatzen digute izugarrikeria haren koadroa, bukaerarako ikuslea arnasarik gabe uzteraino. 



Beste hilabete bat  


[Egun honetan ez dago beste ekintzarik]