Kanpainak

Haurrak euskaraz erregistratzea

SEMEA/ALABA EUSKARAZ ERREGISTRATZEA

 

Laster aita/ama izatea espero baduzu, informazio hau irakurtzea komeni zaizu. Izan ere, haurra jaiotakoan hainbat tramite administratibo egin beharko dituzu, eta horietan lehenengoa haurra bake epaitegian edo erregistro zibilean erregistratzea da.

 

Gaur egun, printzipioz, Hego Euskal Herrian ez dago eragozpenik haurra euskaraz erregistratzeko: semea/alaba euskaraz erregistratu nahi duzula eskatzea nahikoa da.

 

Nolanahi ere, gerta liteke tokiren batean arazo edo trabaren bat gertatzea. Halakorik gertatzen bazaizu, eskertuko genizuke UEMArekin harremanetan jartzea: gipuzkoa2@uema.org edo 943 260 372 (Imanol).

 

Haurrak euskaraz erregistratzea borroka luzearen ondorioa da, hurrengo puntuetan azaldu dugunez.

 

Zer da haurra erregistratzea?

 

Haurra jaiotakoan gurasoek egin beharreko lehenengo tramite administratiboa da. Haurra bi tokitan erregistra daiteke: jaio den udalerrian edo gurasoek bizitokia duten udalerrian.

 

Zer gertatzen da bake epaitegietan eta erregistro zibiletan?

 

Haurrak bake epaitegietan edo erregistro zibiletan erregistratu behar dira. Bertan, aplikazio informatiko batean, jaioberriaren izen-abizenak eta bestelako datuak idatzi behar dira. Lehen, erregistro liburu bat izaten zuten, eta, liburua gaztelaniaz bakarrik zegoenez, ez zuten aukerarik ematen erregistroa euskaraz egiteko.

 

Badago legezko mugarik haurrak euskaraz erregistratzeko?

 

Bake epaitegietako eta erregistro zibiletako jarduna 1957ko lege batean dago oinarrituta. 2005ean, lege horren 23. artikulua aldatu zen, haurrak euskaraz, katalanez eta galizieraz ere erregistratu ahal izateko. Alabaina, 2005etik 2011ra hainbat euskaltzalek gaztelaniaz erregistratu behar izan zituzten euren seme-alabak, ez zietelako beste aukerarik ematen.

 

Gurasoek, erakundeek… egoera hori salatu dute urte luzez

 

Haur jaioberriak euskaraz ezin zituztenez erregistratu, salaketa ugari egin zituzten gurasoek: Oiartzunen, Usurbilen, Aulestin, Alegian, Adunan, Andoainen, Villabonan, Zizurkilen, Zarautzen, Aretxabaletan… Hainbat erakundek ere erreklamazioak bideratu dituzte: Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, adibidez. UEMAko udaletan mozioak onartu zituzten euskaraz erregistratzeko eskubidea berma zedin.

 

Beraz, sarreran adierazi dugunez, printzipioz, gaur egun bermatuta dago haurrak euskaraz erregistratzeko eskubidea. Nolanahi ere, arazorik badago edo zalantzarik baduzu, eskertuko genizueke UEMArekin harremanetan jartzea: gipuzkoa2@uema.org edo 943 260 372 (Imanol).