Kanpainak

Etorriberriak

•XX. mendean Euskal Herrira etorritako etorkin kopuru handiak nabarmen eraldatu zuen bertako egitura sozial, politiko eta kulturala. Oraindik ere ematen den aurreko immigrazio horri gehitu behar zaio 80ko hamarkadatik aurrera Europa barrutik eta kanpotik etorritakoa.
Fenomeno berriak erronka berriak planteatzen dizkio herri honi.
  •Etorkinak ezinbestekoak dira Euskal Herriaren hazkunde ekonomiko eta demografikoari eusteko, eta aldi berean, denoi eskatzen digu ahalegin berezia integraziorako ezinbestekoak diren arlo kultural eta linguistikoan.
Orain arte, Euskal Herrian egindako integrazio ahalegina arlo asistentzialera mugatu da, salbuespenak badiren arren.
  •Udalerri euskaldunetan euskarari eusteko ahalegina egin da eta bide horretan etorkinak ez dira oztopoa izan behar, euskararen erabiltzaile aktiboak baino.
Horretarako, etorriberrien gaineko ezagutza eta sentsibilitate handiagoa erakutsi beharko dugu euskaldunok.
  •Arlo honetan badira esperientzia zabala duten lurraldeak, Katalunia esaterako. Euskal Herrian baino etorriberri gehiago dute eta gauza jakina da bertako biztanle eta agintariek hizkuntzarekiko sentsibilitate handia dutela.
 Izan ere, etorriberriak euskal herritar bihurtu nahi baditugu euskara eta euskal kultura ezinbesteko tresnak dira.
Hori horrela UEMAko udaletan harrera egiteko eskuorri bat prestatu dugu. Eskuorri honek funtzio bi ditu, alde batetik etorriberriari harrera egiten dion udal langileak azaldu beharrekoa azaltzeko euskarria izatea; eta beste aldetik, etorriberriak bere hizkuntzan (edo ahalaik eta hurbilenean) udal langileak azaltzen diona irakurri ahal izatea.
Eskuorriok euskaraz eta beste sei hizkuntzatan daude:
Euskara eta arabiera, euskara eta ingelesa, euskara eta frantsesa, euskara eta errumaniera, euskara eta portugesa, euskara eta gaztelania.

 

 

 

Eta eskuorriotan erroldatzeko nora jo behar duten, hezkuntzaren inguruko informazioa, lana bilatzeko tokiak, osasun txartela nola egin, herriko garraiobideen inguruko informazioa... ageri da, guztia herri bakoitzera egokituta.