Kanpainak

Kirolean euskaraz

Gure gizarteko zati handi batek garrantzi handia ematen dio kirolari. Helduen artean, gutxi batzuk eliteko kirolariak dira; beste batzuk, aldiz, aisialdirako aukeratzen dute kirola. Haurren eta gaztetxoen artean, jolasa izaten da nagusiki kirola.
Azken multzo hau (haur eta gazteena) euskaraz alfabetatua da dagoeneko, eta horrek kirola euskaraz praktikatzen dutela esan nahi du. Hori dela eta, azkenaldian asko ugaritu dira kirolari buruzko euskarazko argitalpenak. Eta horrekin batera hasi dira ikastaroak ere euskaraz ematen.
Alor honetan, Euskal Herriko herrialdeetan aurreratuena Gipuzkoa dela esan dezakegu. Hor dago, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirola euskaraz programa. Programa horren barruan hainbat material argitaratu da euskaraz eta sentsibilizazio kanpainak, bekak eta ikastaroak antolatu dira. Aldundiak horri buruzko informazio mordoa dauka Interneten. Geu ere harremanetan izan gara Gipuzkoako Aldundiarekin, bertako kiroleko lan-mahaietan izan baikara, eta informazio hori guztia zuen eskura jarri nahi izan dugu gure web orrian (www.kirolaeuskaraz.net).